XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eskerrak eman behar izaten ditu, tematuegi egonik sarritan hitzokin, dinamitaren eztanda-hotsak gortzen dizkionean belarriak ustebakoan.

Dan-dan-dan-dan, dan-dan-dan-dan, patuaren hotsak ei direnei dinamitaren danbada alderatzea izaten du atsegin, lurmutur biek, Matxitxakok eta Ogoñok, zedarritzen duten badiari munduan diren besteren neurriak erkatzea gogoko duen eran.

Beste edonon izanik inurrien zeregina begitanduko litzaiokeena, gizandien behartzako du han, zeren umetako olgeta-lekuak izanik gehienak, orduantxeko begi ireki berriez ikusten bait du dena, zabal, handi, itzel.

Apea lodiak trabes ezarri lehenik, karril luzengak euron ostean, eta azkenik torlojuak iltzatu eta sarrarazi, Onofreri miragarri egiten zaio burdinbidea hazteko era.

Zama-orgak, gurpildunak, taigabe ari dira gorantz zubi berriaren alde bietan.

Presoek horko harrizko zutoinak ekarri dituzte itsasotik zerura harriz harri, eta gerran galtzaileen aldean ibilitakoak dira, baita, dinamitaren maneiua egiten dutenak, txapelokerren begi zorrotzak beti gainean.

Arriskutsua da zeregina.

Oraindio tren-gurpilek euron gurtziez dirdiztatu gabeko karriletan odola dago daburduko behin baino gehiagotan jausita.

Horregatik ez da ernegatzen Onofre dinamita behin eta berriro lehertarazi behar dutela eta, guzti-guztietan aldarri larriak entzutean.

Gaurkoan ezik.

Gaur apirilak bat du, lehena, eta alde batekoak garaitza bandera goi jaso zuteneko hamaseigarren urtea ospatzen dute.

Gezurrezkoa otu zaio Onofreri, presoen lepotik barre egiten duen kaboari begira John Ingelesaren akordua bait datorkio.

Eta gero, erreskadan, Antonena eta Doroteorena.

Gerra amaitutzat eman gura ez duten guztiena.